XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Allande Boutin

Azkena

Joan den udan idatziriko zutabearen titularrean Azkena delako hori galderako puntuaz hornitu nuen.

Orduan benetan azken entsegu edo proba nuklearrak izanen ote ziren galde egiten bait genion geure buruari.

Izan ere, berriki Frantziako Lehendakari izendatu duten Jacques Chiracek proba nuklearrak berriz hasiko zirela aditzera eman zuen.

Azkenak izanen zirela.

Azken kakuloak egin behar bait ziren frantses defentsa nuklearra segurtatzeko.

Herenegun Frantziako Lehendakariak, telebistan egin deklarazioaren bitartez, entseguak behin-betiko bukatu zirela adierazi zuen, 6. entsegua bururatuta.

Emaniko hitza ez du jan beraz.

Bada gehiago: bai Frantzian, bai munduan zehar joan den udatik garatu ziren protestak nolabait kondutan hartu dituela erran du.

Eta ez ditu batere salatu; ingurumen eta sekuritateari buruzko kezken adierazletzat jo ditu Frantziaren erabakiaren kontrako protestak.

Gehiago oraino: grina hauek bereak direla gehitu du.

Batzuentzat adierazpen hauek berantegi eginak izan dira.

Beste batzuentzat, berriz, frantses Presidentearen sensibilitatea, adierazpen hauen bidez, arrunt plazaratua izan da.

Ikuspundu batekin ala bestearekin ados izan ala ez, gauza bat geldituko da: oposizio guzien gainetik Jacques Chiracek nahi duen bere politika egiten duela.

Hots, frantses erabakiak Parisen hartzen direla, beste inon ez.

Frantses agintariei hainbeste inporta zaien independentziaren seinale bat.

Bainan denbora berean, Presidenteak erran bezala, entsegu nuklearren kontra egin protestak entzunak eta ulertuak izan direla jakinarazi nahi izan du Parisek.

Hots, Frantzia ez dela maiz aurkezten den bezala, herri harroskiegia.

Politikoki Jacques Chiracek ongi jokatu duela dirudi beraz.

Bururat eraman du azken entsegualdia.

Orain zeroaren aukera deitu planaren alde arituko da, Frantziako bakezaletasunaren frogatzeko.

Protestek, noski, Frantziako irudia hondatu dute pixka bat.

Baina egia erran, pixka bat bakarrik.

Eragin ekonomikoak uste baino arinagoak izan dira.

Beaujolais berria ardoaren salmenta neurri batean kaltetua izan da joan den azaroan, Australian nola Alemanian, bainan oro har, boikota ez da sobera sentitu.

Militarki omen, Frantziak bere disuazio nuklearra segurtatu du.

Orain, beste aro bat idekitzen da: simulazioarena.

Inkognita ainitzekin.

Eta Frantziako burujabetzari doakionaz zalantza batzurekin.

Simulazioen egiteko behar diren ordenagailuak amerikarrak bide dira.

Estatu Batuekin ezinbestekoa bilakatuko da kooperazioa.

Frantzia gero eta atlantistagoa izanen da.

Inplizitoki.

Alta politika gaullista bestelakoa zen gaur egunarte.

Baina Frantziak bere politikarako behar diren ahalmenak ote ditu?

Betiko galdera...

Dena den, herenegutik 1956an hasi defentsa nuklearraren politikaren kapitulu bat amaitu da.